XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Josie Mariari enkargua esan eta ohera itzuli zen.

Ez zuen liburua berriz ireki, eta bai, ordea, saihets baten gainean etzan eta begiak burko finean hondoratu, gela hura gau eta egunez argitzen zuen argitik babesteko.

Argi-giltza pasabidean zegoen eta Anna Gorenak zeukan ateko giltza.

Buruzagi handiak begirada zorrotza jaurti zion Mariari.

- Zer uste duzu?

- Lana gogotik egiten du - erantzun zuen Mariak -.

Ez du ezer galdetzen.

Benetako arima bizi bihurtzen ari dela uste dut.

- Bai zera! - marmartu zuen De Vriesek -.

Adarra jotzen ari zaigu, plantak egiten ari da.

Neskak ez du esaten diodanetatik hitz bat bera ere sinesten, hitz bakar bat ere ez!

Baina menderatu egingo dut.

Berarekikoak amaitzen ditudanean, oinak musukatzen egongo zait.

Keizeren ilobak atsegin-oihuak egingo ditu nire ahotsa entzutean, eta liluratu egingo da eskua bihotzean jartzen diodanean.

- Zalantzarik ez dut - esan zuen Mariak.

- Piztu itzazu intsentsu-makiltxoak gaur bere gelan.

Alertine dosi handiagoa bota bere janarira.

Zentzu kritikoa ezeztatuko dio horrek.

Bere arrazoiak lausoagoak izango dira, eta egia askoz xinpleagoa irudituko zaio.

Nire egia bere egia da.

Edo horrela izango da, behintzat.

Orain, zoaz hemendik.

Gogoeta egin behar dut.

Maria zintzoki atera zen gelatik.